txokoberdea@mlarramendi.com

2012/10/01

ELIKADURA JASANGARRIA IZATEKO PAUSO EZBERDINAK:


- TOKIAN TOKIKO ELIKAGAIAK HAUTATU. Merkatuak globalizatu izanak asko ugaritu du elikagai-eskaintza, eta munduko hainbat bazterretatik ekarritako salgaiak aurki ditzakegu etxe ondoan, urteko edozein sasoitan, gainera. Elikagai, zapore eta testura berriak ezagutzeko aukera ematen du horrek, eta jakiak prestatzeko modu berriak saiatzera ere bultzatzen gaitu. Baina, nolabaiteko onura horien aldean, askoz handiagoak dira kalteak: izugarrizko energia pila xahutu behar izaten da garraioan (barkuak, kamioiak edo hegazkinak), eta jaki pila galantak hondatzen eta alferrik galtzen dira. Eta horrek guztiak arrastoa uzten du, berotegi-gasak ugaritu egiten dira eta. Beraz, gure saskia iraunkorra izan dadin nahi badugu, tokian tokiko elikagaiak erosteko joera hartu beharko dugu (frutak, barazkiak, lekaleak, arrainak, haragiak...), bizi garen inguruan lantzen edo sortzen direnak, kalitatez ere hobeak izaten dira eta (ez dute mantenugairik galtzen biltegian egon beharraren ondorioz, ez garraiatzen dituztenean ere). Joera hori gero eta hedatuagoa dago laborarien, abeltzainen, elikagai-banatzaileen eta kontsumitzaileen artean, eta horrela lortzen da, hain zuzen, espezie autoktonoak iraunaraztea eta tokiko ekonomia sustatzea.
- SASOIAN SASOIKOA ETA BEHAR DEN GARAIAN BILDUAK: Barazkiak eta frutak ongi umotuta daudela biltzea funtsezkoa da espezieen hazte-zikloa errespetatzeko eta natura bera zaintzeko, eta hori bezain garrantzitsua da, asteko menua prestatzerakoan, zer urte-sasoitan gauden aintzat hartu eta garaiari dagozkion elikagaiak hautatzea. Sasoiko elikagaiak freskoagoak dira, zapore gehiago dute eta luzaroago irauten dute. Arrainei dagokienez, legez ezarritako gutxieneko neurria dutenak harrapatu eta kontsumitu behar dira, horrela baino ez baita bermatuko arrantza-baliabideen iraunkortasuna. Gutxieneko neurri hauek jarri ditu FROM erakundeak arrain-espezieentzat (Arrantza-produktuen eta itsas kultiboen merkatua arautzeko eta antolatzeko funtsa da): legatzarentzat eta mihi-arrainarentzat, 20 cm; sardinarentzat eta barbarinarentzat, 11 cm; antxoarentzat, 9 cm... Komeni da kontsumitzaileak jakin dezan informazio hori, zeren arrandegian edo jatetxeetan arraintxoak eskatzen dituenean, edo beste arrain-espezie heldugabe batzuk, arrantza mota bidegabe hori sustatzen ari baita, eta espezie horien etorkizuna arriskuan jartzen.
- ELIKAGAIEI AHALIK ETA PROBETXU GEHIEN ATERA: Fruta azal eta guzti jatea (ongi garbitu ondoren, jakina) aukera integralagoa eta osatuagoa da, azalaren zuntza eta bitaminak ere geureganatzen baititugu era horretan. Arrain txikiak hezur eta guzti janez gero, berriz, hezurdurak duen kaltzioa hartzen da, eta berdurak egosteko erabili den urari ere probetxu ateratzen ahal zaio, beste plater batzuk egiteko erabiliz.
- JANARI- HONDARRAK BERRERABILI: Janaria berrerabiltzeko aukera ona da hori, eta, horren bidez, elikadura-baliabideak optimizatzea eta aurreztea lortzen da. Jan gabe geratu diren hondarrek, gutxi izanda ere, beste plater batzuk prestatzeko balio dezakete: zopak, flan gaziak, arrautza beteak, kaneloiak, kroketak, enpanadillak...
- LANDARE PROTEINA GEHIAGO JAN: Eguneroko menuan animalia-jatorriko proteina gutxiago jan behar genituzke, eta landare-jatorrikoak hartu, kalitatezkoak betiere. Hori lortzeko, laboreak, fruitu lehorrak eta lekaleak konbinatzea da gakoa. Lekale-eltzekariak, adibidez, arrozarekin eta berdurekin presta daitezke; plater merkea da, zaporetsua eta dieta orekatua egiteko ezin hobea. Dietan aldaketa hori egitea ingurumenaren mesedetan izango da, eta, gainera, aukera emango du munduko herritarren artean dauden elikadura-beharrak hobeki asetzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario